Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Mintzalditxoa: Martetarrak

jonipo — 2009-03-15 GTM 1 @ 19:25

Zein ez da inoiz galdetu norbere golkorako martetarrei buruz? Nik, behintzat, ume bat nintzela ET filma ikusterakoan, etengabe galdetzen nion neure buruari izaki hauen existentziari buruz, eta, egia esan, ez dauzkagu hain urrun, guk geuk baikara.
Orain dela gutxi, National Geographic telebista katean NASA zein Mars Society erakunde astronomikoek etorkizunean Marten egitea pentsatzen ari diren proiektuei buruzko dokumental bat ikusi nuen. Proiektuen artean, planetaren terraformazioa dago. Hitz honek edozein zeru-gorputz edo planeta atmosfera, tenperatura eta ekologia kontuan hartuz bizi egoera egokiak lortu arte berregin dezakeen prozesua esan nahi du. Terraformazio terminoa Jack Williamson-ek 1949an idatziriko zientzia fikziozko eleberrian agertu zen lehen aldiz, zeinen izenburua Seetee Shock da. Hala ere, gaur egungo kontzeptua Williamson-ek bere eleberrian suposatu zuen hura baino sinesgaitzagoa da.
Dokumentalean ikusi nuena azaltzen jarraitzeko, lehen aipatu dudan Mars Society erakundeak pentsatu duen beste proiektu bat azaldu zen bertan. Proiektu honek Translife du izena, zeinen helburu nagusia Marten dagoen grabitate bera (0,38g) daukan espaziontzi miniatura berri bat etorkizunean misio espazialak egiteko balio duen ala ez ikertzea da. Era berean, espaziontziaren barruan bi hilabetez egongo diren arratoiak zein beste animali eta landareak ugaldu ondoren aztertuko dituzte, Marten hura terraformatu ondoren bertan bizi daitezkeen gizakiek izan ditzaketen ugaltzeko oztopo zein oztopo fisiologikoak aurreikusteko.
Marteren terraformazioari dagokionez, hau gauzatzeak bi aldaketa suposatuko lituzke: atmosfera eraiki eta berotzea.
Atmosfera berotzea, nahiz eta lan handia ez izan, mende erdia suposatuko luke, Mars Society elkarteak aurreikusten duen epea. Prozesu honetan, Lurran etengabe erabiltzen ditugun Ozono Geruzarako kaltegarriak diren CFC eta PFC deritzen berotegi efektua areagotzen dituzten gasak erabili beharko dituzte, flurokarbonoa produzitzeko. Harrigarria badirudi ere, gas hauen erabilpena ona izango litzateke Marteren terraformaziorako, gure planetan hauen produkzioa kaltegarria den bitartean. Honez gain, badaude planeta berotzeko era batzuk, hala nola; Marteren lurrazalaren bonbardaketa nuklearra edota Marteren orbitaren inguruan aluminiozko ispiluak jartzea, planetaren berotegi efektua areagotzeko.
Atmosfera eraikitzeko, ezinbestekoa litzateke gas inerte bat edukitzea, Lurran hidrogenoa (%79) dugun bezala. Marten hidrogenoa inportatzean, karbono dioxidoarekin erreakzionatu eta ura eta metanoa produzituko litzateke, Sabatierren erreakzioaren bidez. Ondoren, metanoa atmosferara igaroko litzateke, non berotegi efektua osatuko litzateke. Hala ere, kontua ez da soilik hidrogenoa inportatu eta erreakzionaraztea, baizik eta gasen nahasketa egokia lortu behar da planetan pertsonak bizi ahal izateko, zein landare-espezie edota beste organismoen bidez gauzatu daiteke.
Bi aldaketa hauez gain, Mars Society elkartekoek honi dagokionez hainbat data aurreikusten dituzte, esaterako; mendearen bigarren erdian pertsonak zelaietan haziak landatzen arituko dira eta beharbada animaliak zein gizakiak planetan bizi ahal izango dira. Haien ustez, planetaren industrializazioa eta jendeztatzea mende osoaren buruan egongo da.
Mintzalditxoaren ondoren, badakigu prozesu honen guztiaren ondoren zeintzuk izango diren lehen martetarrak: Lurtarrak.

Kritika literarioa (5 irakurgai)

jonipo — 2009-03-05 GTM 1 @ 17:08

Irakurgai hauen idazleak Karmele Jaio, Paddy Rekalde, Pako Aristi, Unai Elorriaga eta Tere Irastortza dira.

Karmele Jaio, Atzerako zenbaketa lanaren idazlea da. 1970.urtean jaio zen Gasteizen. Informazio Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean 1993-1994 ikasturtean eta ordutik kazetari lana bete du idatzizko hainbat komunikabideetan, hala nola; Egunkaria eta Garan.

Bere idazlanean, narrazioa zein eleberriaren generoak landu ditu. Narrazioari dagokionez, obra azpimarragarrienak Hamabost zauri (2004) eta Zu bezain ahul (2007) dira. Eleberriaren arloan, obra garrantzitsu bat bereizten da: Amaren eskuak (2006), zein hain arrakastatsua izan zen non gaztelerazko itzulpena egitea erabaki baitzuen.

Paddy Rekalde, Gaztetxearen hutsuneari begira berbetan kontakizunaren idazlea da. 1964.urtean jaio zen Deustun, Bizkaia. Artikulugintza jorratu du Aizu!, Ostiela! eta Putz aldizkarietan. Honez gain, Gara-ko Gazte Algara eta Mugalari gehigarrietan ere agertu dira bere lanak.

Rekalderen idazlanean, hiru genero bereizten dira: poesia, eleberria eta narrazioa. Lehenengo honen barruan, Sex abaroa (2000) eta Bilbo dub kronikak (2004) liburuak bereizten dira. Eleberriaren generoan, Ragga-ragga dator gaua (2006) eta Rebel Mayo Colorao (2002) eleberriak bereizten dira. Narrazioan, Aizu Paddy! (1997) eta Whiskey koloreko gauak (1999)kontakizunak dira azpimarragarriak.

Pako Aristiren kasuan, Euskal Herria zer den irakurgaia idatzi zuen. Idazle hau 1963ean jaio zen Urrestillan, Gipuzkoa. Betharran ordenako fraideekin egin zituen bere lehen ikasketak eta ondoren, kazetaritzan lizentziatu zen EHUn. Komunikabideetan kolaboratzen du eta EITB-ko gidoilaria izan da ere. 1992 eta 1993.urteetan, Rikardo Arregi kazetaritza saria irabazi zuen. Iaz, Toribio Altzaga antzerkiko Euskaltzaindiaren eta BBKren Literatur Sariaren irabazlea izan zen, Josu Dukatiren proposamena lanarengatik.

Pako Aristik literatur genero ugari landu ditu, esaterako; biografia, haur eta gazte literatura, kronika, poesia, narrazioa, eleberria eta saiakera. Genero hauetatik guztietatik bere lan azpimarragarrienak Gauza txikien liburua saiakera, 2004ean argitaraturikoa, Castledown eta Libreta horiko poemak poema bildumak, 1996 eta 2003koak, hurrenez hurren eta Auto-stopeko ipuinak eta Note Book narrazioak, 1994 eta 2005ekoak, hurrenez hurren.

Unai Elorriaga poesian idatzita dagoen Puntapax kontakizunaren idazlea da. Bilbon jaio zen 1973ean, baina txikitatik Algortan (Bizkaia) bizi da. Bere lehen nobelarekin, SPrako tranbia (2001), Espainiako Narratiba Sari Nazionala erdietsi zuen. Euskal Filologia ikasi zuen eta itzultzailea da lanbidez. Espainiako Sari Nazionala irabazi ostean, El Pais, El Mundo eta La Vanguardia bezalako egunkarietan kolaboratu du.

Unai Elorriagak eleberria eta saiakeraren generoak landu ditu. Hala ere, bere lan azpimarragarrienak idatzi dituen hiru nobelak dira: aurretik aipatutako SPrako tranbia (2001), Van´t Hoffen ilea (2003) eta Vredaman (2005), hain zuzen ere.

Tere Irastortza Garmendia azken testuaren idazlea da. Zaldibian jaio zen 1961ean, baina Olaberrian bizi da. Euskal Filologia eta Filologia Hispaniarreko ikasketak egin zituen. Urte askotan Beragarako UNEDeko Ikastetxe Elkartuan lan egin zuen eta orain Beasaingo Ikastolako zuzendaria da. 2002.urteaz geroztik, Euskal Idazleen Elkarteko Lehendakaria izan da 2006 urtera arte. Tere Irastortzak komunikabideen munduan burutu dituen kolaborazioen artean, azpimarratzekoak dira Euskadi Irratian urtebetez kolaboratzen aritu zela eta Argia egunkariko kolaboratzaile lanak egiten dituela oraindik.

Tere Irastortzak, poesiaren generoa baino ez du landu. Honen barruan, pasa den ebaluazioan XVI.mendeko literaturan azterturiko idazle batek, Joanes Etxeberri Ziburukoak, Manuel devotionezcoa edo eliçara erabilteco liburua izenburuaz argitaratu zuen lanaren kritika bat dirudi, Tereren obraren izenburuak Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua (1994) baitio. Honen gainontzeko obra azpimarragarriak, Gabeziaren khantoreak (1995) eta Glosak (2003) dira. Azkeneko honi esker, 2004ean Espainiako Kritika Saria erdietsi zuen Terek.

Kontakizun hauen guztien testuingurua, nahiz eta testuetan istorioak zehazki kokatzeko datak ez agertu, testuek lantzen dituzten gaiei erreparatzean, orain dela asko gertatu ez zirela kontura ginateke, lehen eta batez ere bigarren kontakizunean, egoeretako batzuk gaztetxe baten inguruan gertaturikoak direnez gero, istorioak XIX.mendearen amaieran zein XX.mendearen hasieran kokatuta egon litezke. Gainontzeko lanen kasuan, gai oso orokorrak lantzen dituztenez gero, zailagoa izango litzateke garai bat zehaztea.

Bost istorio ezberdin bereizten direnez gero, bost argumentu ezberdin daude:

· Atzerako zenbaketa istorioan, Amaia, bikoteaz bananduta dagoen emakumea, merkatal gunera doa, bere alabak urtebetetzea McDonalds-en ospatu nahi duenez gero, horren enkargua egiteko. Han, ordudanik 15 urte baino gehiagoz ikusi ez zuen nerabezaroko lagun batekin topo egiten du, Xabier, zein Brighton-en bizi zela bere bikoteaz banandu zen. Horren ondoren, garagardotegi batean zerbait hartzea erabaki zuten, non hizketaldiarekin jarraitu zuten normaltasunez, Xabierrek gaztetxean elkarrekin margotu zuten ikurrari buruz galdetzen dion arte, non Amaia mutu gelditu zen. Hori zela eta, gaztetxearen egoeran gertatu zen bezala, Xabierrek eskua sabelera sartu zion, baina honek hemezortzi urteko neskatoaren sabela ez zela nabaritu zuen berehala, batez ere bere alabaren zesarea orbaina nabaritu zuenean, zeinen ondorioz Xabier komunera doan bitartean Amaiak ihes egiten du, gaztetxean poliziak megafonoz ihes egiteko bost minutu eman zion egoera gogoraraziz.

· Gaztetxearen hutsuneari begira berbetan irakurgaian, Rekaldek, lehenik, gaztetxeen gaur egungo estereotipoa azaltzen hasten da, herri gehienetan txarto ikusiak daudela esanez, drogak eta istiluak baitaude beti hauetan. Hura egon zen gaztetxeari dagokionez, Falangeko gazte sailekoa zen, beraz, falangearen ikurra kentzea hartu zuten aurreneko behartzat. Paddy-ren gaztetxean, gaur egungoetan ez bezala, zeramika, antzerki eta dantza bezalako tailerrak antolatzen zituzten. Umeak ere gaztetxean txarangak izaten zituztela aipatzen du, hori zela eta, irrati libre bat ipintzea erabaki zuten. Gaztetxearekin egin zuten lanaren ondorioz, lehen jonkiak eta txikiteroak baino ez zeuden auzoaren ospe txarra aldatzea lortu zuten. Hala, irrati librean askotariko saioak botatzen zituzten. Era berean, irratia grebak zeudenean poliziaren mugimenduen berri emateko erabiltzen zuten. Honela, gaztetxeak jaio ziren, eta denboraren poderioz, drogak eta istiluak dauden lekuak bilakatu dira.

· Euskal Herria zer den kontakizunean, Pako Aristik Euskal Herria politikoen, kirolarien eta sukaldarien herria dela esaten du. Hala ere, bere ustez Euskal Herrian enpresarioak dira errege, haien aurka ezer egingo ez duen bermea daukatelako, baizik eta, Aristik dioen bezala, egoera txarrenean ere, garaile ateratzen dira. Gainontzeko pertsonak, ostera, hobe dute etsita egotea, ez baitira mapa soziologikoan agertu ere egiten.

· Puntapax lanean, Unai Elorriagak Pragako zein Amsterdameko teilatuez hitz egiten du lur-arrasean egongo balira bezala. Hala, etxeez edota lorategiez hitz egiten duenean, lurpeko galerian kokatuta daudela dio. Azkenik, Lisboa eta Londresi buruz hitz egiten du, Pragako gaztetxera bueltatuz.

· Tere Irastortzak idatziriko testuan, poesia erabiliz ikara eta desbideratuen ikuspuntu literarioak ematen ditu.

Gaiari dagokionez, argumentuan bezala, kontakizunaren arabera gai desberdin bat bereiz daiteke.

· Atzerako zenbaketan, Karmele Jaioren helburua 15 urte baino gehiago elkar ikusi gabe zeramaten bi lagunek iraganean eta orainaldian bizitako egoeren parekotasunak azaltzea da.

· Gaztetxearen hutsuneari begira berbetan irakurgaian, Rekalderen helburua, irakurlea orainaldiko eta iraganeko gaztetxeen arteko desberdintasunez jabetzea da. Horretarako, bera egon zen gaztetxea eta gaur egungo gaztetxearen estereotipoa erabiltzen ditu.

· Euskal Herria zer den kontakizunean, Aristik Euskal Herrian bizi den jendeari buruzko iritzia ematen du, biztanleen lanpostua oinarritzat hartuta.

· Puntapax lanari dagokionez, Unai Elorriaga teilatuetan oinarritzen da Praga eta Amsterdam bezalako hiriak deskribatzeko.

· Tere Irastortzaren lanean, lehen esan bezala, ikara eta desbideratuak era literarioan definitzen ditu.

Kontakizun hauetan ageri diren pertsonaiak, errealak direla esango nuke, ez baitute inolako ezaugarri edo nolakotasun irrealik.

Irakurgai hauen irakurketa, nahiz eta Karmele Jaioren lanean orainalditik iraganeranzko eta alderantziz jauziak etengabe eman, irakurketa jarraitzeko gai izan naiz. Beste kasu guztietan, ez zait arazorik suertatu alderdi honi dagokionez.

Hiztegiaren arloan, Paddy Rekalderen testuaren salbuespena eginez, non jozak edo leukiek bezalako aditz batzuk ulertzeko arazoak izan ditut, ez ditut arazo gehiegirik izan.

Nire iritzi pertsonala ematean, oso ondo ulertu ez dudan Puntapax kontakizunaren salbuespena eginez, gustukoak izan ditut gainerako istorioak. Guztien gainetik, azpimarratu beharra dut Karmele Jaiorena, zein istorio berezia iruditu zait.

Madin Mohammed, Zidane berri bat baino gehiago

jonipo — 2009-02-19 GTM 1 @ 16:18

Honako hau Madin Mohammed umearen bideoa da, zein Argelian jaio zen eta 3 urterekin Frantziara lekualdatu zen. Orain 6 urte dauzka eta Frantziako Roubaix klubeko jokalaria da. Hala ere, Real Madril eta Chelsea bezalako klubak ume honi jarraika dabiltzate. Frantzian Zinedine Zidanen ondorengotzat hartzen dute umea.

Iritzi artikulua: 72. hilobiko botila barnean zegoen mezua

jonipo — 2009-02-15 GTM 1 @ 19:53

Atzeratuko al dira mende honetan lortzea espero genituen helburuak hurrengo mendera arte lehenaldiko kontu batengatik? Aipamen hau gehiegizkoa badirudi ere, iaz bide honetatik genbiltzanaren adibide argi bat egon zen. Zehazki Baltasar Garzon epaileak Gerra Zibilean eta gerraostean fusilatuak eta nonbaiten lurperatuak izan ziren gorpuen desehorzketa zeukan helburu nagusitzat. Gainera, honek pentsaturiko desehorzketa plan batzuk abian jarri ziren, esaterako Valentziako hilerri nagusian edo Extremadurako Villanueva de la Vera herrian zeuden hobien desehorzketenak. Hala ere, ikerketak hilabete bat eta hamabi egun baino ez zuen iraun, 2008ko azaroak 28an, osoko bilkura batean gehiengoak Gerra Zibilean eta gerraostean egon ziren hilketei eta desagerpenei buruzko kausa berriz ere ez irekitzea erabaki zuen arte.
Alde batetik, ez nago ados osoko bilkuran hartu zen erabakiarekin, pertsona ugarik bere familiartekoen gorpuak Garzonek hobien desehorzketa egitea erabaki baino lehen eskatzen zituztelako eta ez zietelako jaramonik egin, haien artean telebistan ikusi nuen kasua, non Federico Garcia Lorcaren ondorengoek poetaren gorpua eskatzen zuten.
Bestetik, aldiz, ados nago, badaudelako estatuan gorpuzkiak bilatzeaz eta ikertzeaz arduratzen diren elkarte ugari, testu honetan azpimarratzen diren Aranzadi edo Txinparta bezalako elkarteak, honelako hobien indusketak egiteaz arduratzen dira. Honez gain, testuaren hasieran egindako aipamenean azaldu dudan bezala, etorkizunera begiratu behar dugu, ez, ostera, lehenaldiko kontuak arakatu, behintzat gobernuaren edo epaileen betekizunei dagokienez, zeintzuk ez dute etorkizunera begiratzea ahalbidetuko norberak bere betekizuna betetzen ez baldin badu.
Beste kontzeptu baten aipamena egitean, hobien barruan lurperaturiko gorpu edo gorpuzkiak identifikatzeko teknikak daude. Testu honetan, gorpu guztiei zenbaki bat egokitu zietela eta Jose Maria Jimeno historialariak Ezkabako hilerriaren krokis bat zuela aipatzen da, non ikuspuntu espiritualetik bi ehorzketa leku bereizten dira: katolikoa eta zibila (ehorzketa katolikoari uko egiten ziotenentzako), gorpu edo gorpuzkien bilaketa erraz zezaketen faktoreak. Ziurrenik, Baltasar Garzon epaileak 2008ko urriak 16an irekitako kausan, ez lituzke Espainia osoan zehar zeuden hobi guztietako krokisak izango, ikerketa egiteko beharra suertatuz, eta lehen aipatu dudan bezala, orainaldiko eta etorkizuneko helburuak bertan behera utziz lehenaldian arakatzeagatik.
Hala ere, Jose Maria Jimenoren krokisa eta guzti, ez dute hobietan lurperatuta dauden pertsonak zein diren zehazten duen agiririk. Testua irakurri ahala, La Sexta telebista katean ikusi nuen National Geographiceko dokumental bat etorri zait gogora, non arkeologo batzuk Asia erdialdean kokatuta dagoen Tarimgo mesetan 5000 urte inguruko gorpu batzuk aurkitu zituzten. Adin hori edukitzeko, gorpuak oso egoera onean zeuden, zibilizazio horietako batzuk norbait hiltzen zenean momifikazioaren antzeko ekintza bat egiten baitzuten. Horren ondoren, zirujau batzuk arkeologoek aurkitutako bi gorpuen ADNa aztertzen saiatu ziren. Nahiko zaila egin zitzaien ADNrako lagin onak aurkitzea, gorpuen barrualdeak lehortuta baitzeuden. Dena den, azkenik, erabat lehor ez zeuden laginak aurkitu zituzten. Laginak aztertzean, Asiako leku ezberdinetan jatorria zutela konturatu ziren, horregatik, Tarimgo meseta zibilizazio ezberdinak elkartzen ziren gunea zela ondorioztatu zuten, bertan merkataritzan aritzen zirelako eta, era berean, Tarimgo meseta bide-sare garrantzitsuenetariko bat zelako. Testu honek azaltzen digun kasu honetan, gauza bera egin zezaketen, hau da, hezurren zati bat hartuta ADNa aztertzea, gorpua zeinena den jakiteko.

Kritika literarioa: Lekuak

jonipo — 2009-02-08 GTM 1 @ 18:55

Irakurritako orrialdeak bilduta dauden liburuaren izenburua Lekuak da, zeinen idazlea Bernardo Atxaga da. Bernardo Atxaga Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da. 1951ko uztailaren 27an jaio zen Asteasun. Bilboko Unibertsitatean Zientzia Ekonomikoetan lizentziatu eta hainbat lanbidetan aritu zen, laurogeiko hamarkadaren hasieran literaturari ekin zion arte. 1972ean bere euskarazko lehen poemak argitaratu zituen antologia batean. 1976ean, bere lehenengo eleberria argitaratu zuen, Ziutatzeaz izenburua duena.
Hala ere, Atxaga beste lan azpimarragarri batzuen idazlea da ere, hala nola; 1988an idatzitako eta 1989an Espainiako sari nazionala erdietsitako Obabakoak, Soinujolearen semea (2003), Etiopia (1978), Bi anai (1985), Gizona bere bakardadean (1993) eta Behi euskaldun baten memoriak (1991).
Lan honen testuinguruari dagokionez, ezin liteke momentu jakin bat aipatu, lan honetan historian zeharreko datuak ematen baitira, XVIII.mendearen amaiera eta XXI.mendearen hasiera bitartekoak direnak.
Irakurritakoaren argumentuarekin hasteko, XIX.mendea baino lehenago, Euskal Herriak ez zeukan lekurik ez inongo balio mapatan, ezta munduan ere, bere hizkuntza etxean edo elizan erabili ahal zelako, ez, ordea, bizitza publikoan. Nahiz eta garai hauetan euskaldun batzuek egoera hura aldatzeko ahaleginak egin zituzten, ez zegoen irtenbiderik. Gainera, lan bila Ameriketara emigratu zuten euskaldunek, hango gizartean ahalik eta azkarren sartzeko helburua zutela ez zioten baliorik sumatu beren hizkuntzari, eta hara ailegatu bezain laster bazterturik uzten zituzten beraien hizkuntza eta kultura. Oraindik XVIII.mendean, herri bakoitzaren garrantzia bere hizkuntzaren sintaxi eta fonetikan islatzen zen. Hala ere, XIX.mendearen hasieran, erromantizismo izeneko mugimendu politiko zein kulturala sortu zen Alemanian, Europaren bazterrean sentitzen zelako, historian zehar ezer handirik egin izan ez balu bezala. Mugimendu honen sorrerarekin, Euskal Herriak leku bat izan zuen mapa mundian, balio bat hartu zuen, erromantikoek, nazioak edo herriak baloratzerakoan hizkuntza hartu baitzuten ardatz. Mundua ulertzeko modu berri hura zela eta, lehen balio mapetan lekurik ez zuten herrialdeek segituan heldu zioten erromantizismoari. Euskararen kasuan, mugimendu honi heltzeko bi eragile nagusi egon ziren: alde batetik, euskararen sentsibilitatea bat zetorren erromantizismoarekin; bestetik, euskarak lehengo mendeetan jasan zuen umiliazioa erabakigarria izan zen mugimendua aldarrikatzeko.
Erromantizismoa sortu zuten Alemaniarrak historian ezer handirik egin ez izanaren ondorioz sentitu zuten sentimendu hura izugarri gaiztotu zen, horregatik, adar makurtuak bezala erreakzionatu zuten, iraganeko garaipen egiazko eta alegiazkotara joz. Euskaldunek, era berean, adar makurtuak bezala erreakzionatu zuten. Hala ere, apologistek zein erromantiko euskaldunek, euskararen antzinatasunaz baliatu ziren euskara hizkuntza baldarra eta kulturagabea zela ziotenei erantzuteko.
Herri espirituari dagokionez, Euskal Herrian eta Alemanian oso bestelakoa izan zen. Alemaniaren kasuan, Volkgeist zuen izena eta ez zuen herri xehea deritzogun gizartearekin erabateko lotura izan. Euskal Herrian, ostera, gehienbat herri espiritua nekazarien kulturarekin lotuta zegoen. Hortaz, badirudi ez garela handik mugitu, oraindik kanpokoek guregana hurbiltzean eredu hori erabiltzen baitute. Honen ondorioz, hainbat xenofobok mespretxuz ikusten dute euskara. Hauen ustez, euskaldunak, nekazari hutsak direnez, atzerakoiak edo kulturagabeak dira. Era berean, erromantikoek zabalduriko Volkgeistarekin Euskal Herria betiko zehaztuta gelditu zela uste dute. Hauekin batera, xenofobo askok euskara eta Euskal Herria mespretxatzeko helburuarekin liskarrak sortu zituzten kritika ugari egin zituzten.
Kanpokoek aurrerantzean euskaldunak nekazariekin aldera ez ditzaten, Euskal Hiria izeneko leku modernoa proposatzen du Atxagak. Hala ere, modernitate hori lortzeko lehenik eredu erromantikoari uko egin behar zaio, lehen mailako balio kulturalak bereganatzeko. Nahiz eta erromantizismoa XIX.mendetik gaur egunera arte euskaran eta Euskal Herrian eragina izan, Bernardo Atxagak azpimarratzen duen Euskal Hirira aldatzea komenigarria izango lirateke, modernitate aurrerapauso handia emanez.
Irakurritakoaren gaiari dagokionez, Atxagak lan honetan Euskal Herriak XVIII.mendetik gaur egun arte hizkuntza-ikuspuntua oinarritzat hartuz bizi izan duen egoera azaltzen du.
Lan honen helburua hizkuntza-ikuspuntua kontuan hartuz Euskal Herriaren bilakaera historikoa azaltzea denez gero, hau da, Atxagak gai objektibo bat azaltzeko helburua duenez gero, bertan agerturiko pertsonaiak errealak izango dira, bestela ez lirateke irakurgaian zehar objektibotasuna mantenduko.
Testu honetako irakurketa ez zait guztiz lineala iruditu, testuak berak azaltzen duen zailtasunaz gain, Atxagak ez du linealtasuna mantendu, baizik eta zerbait azaltzeko helburua zuenean denboran zehar atzerantz egiten du, irakurketa are korapilatsuagoa egiten zuen faktorea.
Hiztegiari dagokionez, nire ustez Bernardo Atxagak gai hau plazaratzeko hiztegi egokia erabiltzen du. Nire kasuan, hiztegia testuaren irakurketan zailtasunik suposatu ez duen ezaugarrietako bat izan da.
Nire iritzi pertsonala ematean, gustukoa izan dudala azpimarratu beharra dut, irakurgai honek azaltzen duen gaia interesgarria iruditu baitzait. Hori dela eta, idazlearekin guztiz bat natorrela esan behar dut.

Iritzi artikulua: Nor da heroia orain?

jonipo — 2009-02-06 GTM 1 @ 20:02

Garai honetan, zure bizitza-kalitatea hobetzea, hil edo biziko kontua zen; bizitza-kalitatea hobetu nahi izango bazenu, bizitza arriskuan jartzea baino ez litzateke irtenbidea izango, zortea izan ez zuten kasuetan bizirik gabe amaitu arren, Alan Furstek idatziriko “The Foreign Correspondant” liburuan pertsona batzuk Mussoliniren diktaduratik ihes egin zuten bezalaxe, hala nola; testuan agertzen den 1938ko neguaren amaieran intelektual italiarrek zortea izan zuten kasua, Parisera ihes egitean.
Nire familiaren inguruan bizi izan zen antzeko egoera bat, nahiz eta Mussolini edota Hitlerren diktaduren ondorengoa izan, Espainian, Francoren diktaduran, nire berraitonak bere laguna zen eta Francoren polizia bilatzen ari zen ezkerreko politikari bat bere etxean ezkutatzeko erabakia hartu zuen, bere bizitza ere arriskuan jarriz. Dena den, zortea izan zuten, eta poliziak berraitonaren etxean pertsona hori ikusi zuen galdetu ziotenean, berraitonak ezetz esan eta poliziek sinetsi egin zioten. Horren ondoren, berraitonak lagunari bere etxean hura ezkutatzeak bere familiarekiko suposatu zuen arriskua ikusirik, lagunari aurrerantzean beste leku batean ezkutatu beharko zuela esan zion, berraitonak ezin zuelako bere bizitza arriskuan jartzen jarraitu, noizbait hura harrapatuko zutela eta biak egoera berean amaituko zutela pentsatzean.
Gai hau erlijioko ikasgaian ikusten ari garenarekin lotuz, Mussolini eta Hitlerren diktaduren garai honetan, pertsona batzuk gor eta mutu gelditu ez zirenaren ondorioz, beste herrialde batera ihes egitea lortu zuten, askatasuna eta bizitza-kalitate hobeagoa lortuz. Beste batzuk, era berean, ez ziren gor eta mutu gelditu, baina ezin izan zuten beste herrialde batera ihes egin, eta exekutatuak edota kartzelatuak amaitu zuten. Dena den, gor eta mutu gelditu ez ziren pertsonak, ihes egiteko %50-eko aukera zuten, gor eta mutu gelditu zirenak, ordea, denak exekutatuak edota kasu batzuetan kartzelatuak amaitu zuten, ihes egiteko aukera are urriagoa izanik. Hala ere, azkeneko hauek ihes eta aske izateko aukerak zituzten ere, “La Lista de Schindler” filmean ikusi genuen bezala, non Schindlerrek holokaustotik hainbat judutar askatu zituen gerra amaitu zen arte.
Testuan aipatzen den beste gai bati buruz iritzia ematean, Furstek idazteko gatazka etiko-morala zein armatua behar duenean garai batean estatuko egoera txarrari zein gatazkei buruz idazten zuten idazle belaunaldi batzuk gogorarazten dizkit, hala nola; 98ko belaunaldiaren barne zeuden Pio Baroja, Miguel de Unamuno, Ramon Maria del Valle Inclan eta Antonio Machado, besteak beste. Idazle hauek, Espainiak garai horretan bizitzen ari zen gainbehera, Estatu Batuen aurka izan zuen gerrak Espainiak Amerikan zituen azken koloniak galtzea suposatu zuen, eta atzerapenari, Miguel Primo de Riveraren diktadurak gauzaturiko atzerapena, buruzko literatura lantzen zuten. Gaur egun, ordea, demokraziak munduko gehiengo zatian hartu duen indarra dela eta, oso arraroa litzateke gaur egun garai hartan zeuden gatazka politiko horiek bezalakoak gertatzea. Hala ere, nire ustez Alan Furstek gatazka etiko-moralei buruz idazteko aukeraren bat izango du, orain direla urte batzuk Estatu Batuen eta Afganistan edota Iraken artean gertatu zena bezalakoa.
Testuak prentsa klandestinoaren gaia azaltzen duenean, nire ustez prentsa mota honen salmenta diktadurak amaitu ziren bezain pronto amaitu behar izango zukeen, diktadoreek haien pentsaera edota ideologia hedatzeko erabiltzen baitzuten, eta gaur egun diktadura baino hobeto funtzionatzen duen sistema demokratikoa dugula, ez litzateke komenigarria izango pentsaera diktatorialak zabaltzea.

Kritika literarioa (Urruzuno 2007)

jonipo — 2009-01-26 GTM 1 @ 18:44

Orrialde hauetan, eskola ezberdinetako ikasleek landuriko istorioak azaltzen dira. Horietako lehenengoa, Amelia izenburua dauka eta Josu Narbarte izeneko Irungo Txingudi institutuko ikasleak idatzitakoa da. Bigarrena, Gezurrak janez argaldu izenburua duen poesia bat da, Izaro Zinkunegik, Azpeitiko ikastola-Ikasberriko ikasleak, idatzitakoa. Hirugarrena, Mikel Mancisidorrek, Andoaingo Aita Larramendi ikastolako ikasleak, Askatasun bila izenburua daukan prosa lana idatzi zuen. Azkenekoa, Alaine Agirrek, Bermeoko Arozena-Barrueta´tar Benito institutuko ikasleak, idatzitako beste poesia bat da, Hiru segundo eta erdi izenburua daukana.
Lan hauetako testuinguruari dagokionez, kontatzen zaigun istorioaren arabera testuinguru ezberdinak bereiz ditzakegu:
• Amelia kontakizuna, testuan argi aipatzen den bezala, 1993eko azaroan gertatzen da.
• Gezurrak janez argaldu poesia bat denez gero, ezin zaio data finkoa jarri. Dena den, mende honetakoa dela esango nuke, bertan lantzen den gai modernoari erreparatuz: modeloen egoera.
• Askatasun bila kontakizunean, ez zaigu ezta data finkorik azpimarratzen. Hala ere, Mikel Mancisidorrek kontatzen duen istorioa gerra bat denez eta testuko zatiren batean Kongo aipatzen denaz baliatuz, gatazka hau 1998 eta 2003 bitartean gertatu zen Kongoko Bigarren Gerra dela iruditzen zait, 3,8 milioi hildako utzi zituen gatazka, Afrikako Mundu Gerra izenarekin ere ezaguna dena.
• Hiru segundo eta erdi poesian, ez zaigu ez aipatzen, ezta argibiderik ematen ere horren garaia zein den asma dezagun.
Istorio hauek ezberdinak direnez gero, hauen argumentuak ezberdinak izango dira ere kontatzen zaigun istorioaren arabera:
• Amelia kontakizunean, azpimarratu beharra dago Amelia izeneko emakume zahar bat bakarrik sentitzen dela bere iloba Sarak, jada hemezortzi urte zituenak, amonarengan geroz eta arreta gutxiago eskaintzen zuelako hazten zen arabera. Arazoa amona hari gelditzen zitzaion familia bakarra zela zen. Bere ama, hegazkin istripu batean hil zen; aitak, ordea, Sara jaio aurretik ama abandonatu zuen; eta aitona, Francoren aurkako klase batean sartuta zegoela, Kaliforniara ihes egin behar izan zuen.
Sara Gorkaren (bere mutilaguna) etxean gaua igaro eta amonari ohar batekin bertan lo egingo ez zuela esateak, amona gaizkitu zuen. Hurrengo arratsaldean, Sarak oharrean amonari hitz eman zion telefono deiari erantzuten ez ziola, Sarak batean baino gehiago deitzen saiatu ondoren, Sarak eta Gorkak Ameliaren etxera joan ziren, kezkatuta. Han, arratsaldeko laurak zirela eta Amelia esnatzen ez zela ikusirik, hilda zegoela konturatu ziren, Sarak bere azkeneko familia kidea galduz. Medikuen arabera, bihotzekoak jota hil zen. Gaztelugatxeko ermitan azaroaren seian honen hileta ospatu ondoren, hilabete bereko hamarrean Sara han dago, bere heriotza ahaztu ezinik. Handik minutu gutxira, Gorka hurbiltzen zaio, hari buruz berri izatearen helburuarekin. Orokorki bere familiari buruz zekien guztia azaldu zion. Horren ondoren, Sarak hortik aurrera beti elkarrekin egongo zirela esan zuen, Gorkak berehala baiezkoa emanez.
• Gezurrak janez argaldu poesian, gaur egungo modeloen kritika egiten du Izaro Zinkunegik, nire ustez oso zuzena dena, batez ere anorexiaren aipamena egiten duenean, modeloen munduan oso ohikoa den gaixotasuna, non oka egitean jaten dena baino gehiago kanporatzen da. Gainera, gaixotasun hau kronikoa da, eta momentuz medikuek ez dute honetarako erremediorik aurkitu.
• Askatasun bila kontakizunean, Mikel Mancisidorrek gerratean dagoen mutiko baten eta gure gizarteko beste baten bizipenak istorio bakar batean elkartzen ditu maisutasunez. Tarki izeneko mutiko bat Kongoko Gerran dago, eta hots batek hura esnatzen du, honek zuhaitz baten atzean makurtuta tiroka hastea eragiten duena. Era berean, Jokin bat iratzargailuaren soinua entzunda esnatzen da, eskolara joateko prestatu behar dela jakinarazten diona. Tarkiri, Rosbert koronelarekin hitz egin behar duela ohartarazten dio Shikurzek, honek ez dakien arrazoiarengatik. Honekin hitz egin eta honen astinduak jaso ondoren, zuhaitzaren atzean zegoenean Rosberti tiro egin ziola konturatu zen. Era berean, andereñoak Jokin paperezko pilota batekin gelan jolasteagatik zigortuko zuela esan zuen. Tarki haur bat hil duela eta kezkatuta eta urduri dago. Shikurzek beste arrazoi batengatik ari zen negarrez: gau batean militarrek (haietako bat Rosbert) pistola bat eman eta bere aitari tiro egiteko esan zioten. Honek, tiro egin ez ziola, Shikurzen aita, ama eta anai-arreba guztiak hil zituzten. Aldi berean, andereñoak Jokini “ez dut berriz paperezko pilotekin gela barruan jolastuko” ehun aldiz kopiatzea agindu zion, eta bukatzerakoan eskolatik irten zen, futbolean jolasten ari zela beste taldeko batekin borrokatzen hasi zen arte. Tarkik, hurrengo goizean jaikitzean, gauean bertatik ihes egin behar duela esaten du. Horren ondoren, Shikurz berarekin ihes egingo duela esaten dio, bertan bizitzen ari diren egoera jasan ezinik. Gauean beraien askatasuna lortzen dute. Aldi berean, Jokin beste mutilarekin borrokatu ondoren, etxera ailegatzean amak zigortzen du. Bost minutu ondoren, aspertuta zegoela, oihuka damutu egin zen eta askatasuna lortu zuen.
• Hiru segundo eta erdi poesian, hiru segundo eta erdiko denbora irauten duen begiradan senti daitezkeen sentimenduak azaltzen ditu Alaine Agirrek.
Ipuin hauek gai ezberdinak azaltzen dituzte:
• Amelia kontakizunean, Amelia izeneko amona baten bakardadeak Sara, hemezortzi urteko neska, familia kiderik gabe uzteko gai dela kontatzen zaigu.
• Gezurrak janez argaldu poesian, lehen azpimarratu dudan bezala, gaur egungo modeloei buruzko kritika egiten da.
• Askatasun bila kontakizunean, Tarki izeneko Kongoko gerratean dagoen mutiko baten eta Jokin izeneko gure gizartean bizi den beste baten bizipenak istorio bakarrean elkartzen dira.
• Hiru segundo eta erdi poesian, hiru segundo eta erdiko denbora irauten duen begiradan senti daitezkeen sentimenduak azaltzen dira, lehen aipatu dudan bezala.
Ipuin hauetako pertsonaiak, errealak direla esango nuke, ez baita hauen irrealtasuna adieraz dezakeen nolakotasun edo gaitasun berezirik azaltzen irakurketan.
Kontakizun hauen irakurketa, nahiko lineala iruditu zait, Hiru segundo eta erdi poesiaren salbuespena ezik, ez baitut idazleak adierazi nahi zuen sentimentaltasuna ulertu.
Hiztegiari dagokionez, orokorki ez dut arazo ugaririk topatu. Izan dudan arazo bakarra, Amelia kontakizunean pertsonaiek elkarrizketetan bizkaierazko hitz batzuk erabili dituztenean suertatu zait.
Nire iritzi pertsonala ematean, Hiru segundo eta erdi poesiaren salbuespena eginez, kontakizunak zein poesia gustukoa izan ditut, batez ere azpimarratzekoa da Askatasun bila kontakizuna, non gure gizarteko eta gerran parte hartzen ari den mutiko baten bizipenak istorio bakarrean elkartu izanak asko gustatu zait. Hiru segundo eta erdiko poesian, lehen aipatu dudan bezala, ez dut idazleak adierazi nahi zuen sentimentaltasuna ulertu, hori da gustuko izan ez dudanaren arrazoia.

Iritzi artikulua (La Ola eta La lista de Schindler)

jonipo — 2009-01-22 GTM 1 @ 19:01

Bi film hauetan dauden parekotasunak azpimarratzean, bietan sistema autokratiko bat erakusten da. Hitlerrenak hildako gehiago utzi bazituen ere, “La Ola” filmean Tim, mugimenduaren barruan erabat sartuta zegoen pertsona, hil izango ez balitz, nola izango litzateke “La Ola” eta garrantzitsuena dena, nolako hedadura lortu izango luke mugimendu honek? Nork daki, baina ziur nago sekulako jende tsunamia bihurtuko zela, lagun hauen artean geroz eta indar gehiago hartzen ari zela ikusirik.
Autokraziaz hitz egiten jarraitzeko, ikasgai bat izango balitz, nik guztiz debekatuko nuke, jendea, are gehiago gazteak badira, honelako pentsaera batengatik beren buruak manipulatuak ikus ditzaketelako, filmean erakusten den bezalako egoera bat sorraraziz. Dena den, badaude historian azpimarratu beharreko sistema autokratiko batzuk, hala nola “La lista de Schindler” filmean agertzen dena: Adolf Hitler. Honen diktadura, Parisko Bakearen barruan Versailleseko itunaren ondoren izan zuen jatorria, zeinen 231-248 artikuluetan aitortzen zen bezala, Alemaniak eta bere aliatuak Lehen Mundu Gerra galdu ondoren desarmatu, koloniak galdu, irabazleen artean banatu zituztenak, eta kalte-ordainak ordaindu zizkieten irabazleei. 1934an, Hitler Alemaniako diktadore bihurtu zen, Alemaniak Versailleseko ituna sinatzean galdu zituen lurraldeak bereganatzeko helburuarekin. Horretarako, arraza bereizketa bat egin zuen, non judutar ziren guztiak naziengatik holokaustoan exekutatuak izaten ziren, ideologia naziak zioenez deabruzko garezurra zutelako. Hala ere, film honetan nazi izatearen alderdi positibo bat erakusten du Oskar Schindlerrek, filmaren protagonistak. Schindler egoeraz baliatzen da Itzahk Stern izeneko judutar batekin hitz egiteko, zeini kontulari lana eskaintzen dio bere enpresan. Era berean, beste judutar enpresari batzuekin kontaktuan jartzeko eskatzen dio, kiebran dagoen enpresa bat erosteko helburuarekin. Dena den, honek enpresa lortu eta langile judutarrak kontratatzen ditu, bera nazia izanda ere, hauek langile poloniarrak baino merkeagoak baitziren. Denbora igaro ahala, enpresa kiebra egoeratik atera eta etekinak lortzen hasten da. Gainera, langile kopurua geroz eta handiagoa da ere. Ez badirudi ere, Schindlerrek bi gauza on egiten ari zituen: alde batetik, etekinak lortzen ari zituen lehen kiebran zegoen enpresa batetik, langile oso merkeekin, bestetik, ez zuen judutarrak holokaustoan exekutatuak izatea ahalbidetzen ari. Halaber, filmaren zati batean bere langileak irozotzeko arazoak izan zituen, hauek sartuta zeuden holokaustoa itxi eta naziek Auschwitz izeneko holokausto berri batera eramango zituztelako. Hori zela eta, Schindlerrek hauekin gelditu nahiko balu, langileak erosi egin beharko lituzke, eta hala egiten du, Itzahk Sterni mila eta ehun izeneko zerrenda bat prestatzeko esatean. Zerrendan zeuden gizonak arazorik gabe lantegira ailegatzen dira. Emakumeak, aldiz, tren okerrean sartzen dituzte, Auschwitzera dihoana. Azkenik, Schindler garaiz ailegatzen da eta emakumeak lantegira eramaten ditu. Egoera honetan, lantegiak etekinak irabazten jarraitzen du. Hala ere, egoera ez zuen asko iraun, handik hilabete batzuetara gerra bukatu zen arte, hain zuzen.
Egin beharreko galdera honako hau da: benetan uste al duzu ez duela berriz sistema autokratiko batek aginduko? Historian zehar sistema hauek izan dituzten ondorio negatiboak ikusita, gaur egun pentsaezina lirateke honelako sistema bultzatzea.

Kritika literarioa (Teresa, poverina mia)

jonipo — 2008-11-30 GTM 1 @ 20:53

Lan honen idazlea Bernardo Atxaga da. Bernardo Atxaga, benetako izenez Josu Irazu Garmendia, Asteasun jaio zen 1951ko uztailaren 27an. Bere lehen ikasketak Asteasun eta Andoainen egin zituen, batxilergoa, berriz, Donostian. Garai horretan bere lehen sariak irabazi zituen, eskola umeentzat eraturiko literatur lehiaketetan. Bilbon, lizentziatura ekonomikoa lortu zuen eta ikasle garai hartan Bilboko zenbait euskal idazle ezagutu zituen, haien artean Gabriel Aresti, honek bere lehen lanetan lagundu ziolarik.
1977tik, idaztetik bizitzeko erabakia hartu, eta banku batean zeukan lana utzi zuen. 1977tik 1980ra bitartekoa da Pott Bandaren aldia eta talde hau argitaletxe moduan antolaturik Etiopia poema antologia argitaratu zuen. 1980an taldea sakabanatu zelarik, Bartzelonara joan zen filosofia ikasketak egitera. 1983an Euskal Herrira itzuli eta 1988an, hainbeste sari, mirespen eta itzulpen irabazitako “Obabakoak" argitaratu zuen. 1995tik, Zalduondon, Arabako lautadan, bizi da.
Atxagak idatzitako lan azpimarragarrienen barruan, 1988an idatzitako eta 1989an Espainiako sari nazionala erdietsitako Obabakoak, Soinujolearen semea (2003), Etiopia (1978), Bi anai (1985), Gizona bere bakardadean (1993), Behi euskaldun baten memoriak (1991) eta 2007an argitaraturiko Markak saiakera daude.
Ipuin honen testuinguruari dagokionez, oso argi dago ipuin honetan kontatzen zaiguna 1978. urtean hasi eta 1995ko irailaren 17an bukatzen dela, hau da, XX.mendearen amaierakoa da ipuin hau.
Ipuin honen argumentuarekin hasteko, ipuin honetan gertatzen diren ekintzak Teresa izeneko neska bati gertatzen zaizkio, Atxagak argitaraturiko Soinujolearen semea ipuineko pertsonai bat dena eta liburu horretan Teresari buruzko aipamen urria dela eta, Atxagak “Teresa, poverina mia” liburuxka argitaratu zuen, pertsonai honi buruzko informazioa sakontzeko helburuarekin. Esan bezala liburu honen protagonista Teresa da, herrena dena eta 14 urte zituenean turista italiar batek honako deiadar hau eskaini zion: Teresa, poverina mia. Deiadar honek, Teresari errealitateaz jabetzea egin zion, haren negarrak gauzatzen. Arazoa ez zen hau, Teresa egoera zail baten aurrean zegoen bakoitzean hitz hauek gogoratuko zituela baino, haren barnean atsekabea sentituz.
Beste alde batetik, Teresak egunkari bat egiten zuen, eta gertakizun horren ondoren Teresa, poverina mia atala gehituko zion egunkariari non bere herrentasunaren arazoa objektiboki aztertuko zuen, orokorrago, bere zoritxarrak azalduko zituen.
Hamabost urte geroago, Teresa bere egunkaria idazten jarraitzen zuen. Aipatzekoa da bere egunkariko atal guztiak indarra galtzen hasi zirela, hura bakarrik Teresa, poverina mia atalean oinarritzen baitzen. Garai horretan, Teresak lehenago hausnartzen ez zituen gai batzuei buruz hausnartzen hasi zen, hala nola, bere anaiarekin zeukan harremana. Hau oso ona zen haurtzaroan, gaztaroan, berriz, aldaketa sakona jasan zuen negatiboki. Hausnartzen hasi zen beste gertakizun bat, bere ama eta izeba prestatuta zeukaten Bartzelonaranzko bidaia zen, zein ez zen posible izan aitak urte hartan ostatua lehenago ireki behar zuelako. Horren ondoren, Teresa haserretu eta bere izeba Magdalenarenean igaro zuen gaua. Magdalenak Teresa eta bere anaia zirkura eramatea pentsatu zuen, non Teresa erabat gozatu zuen funtzioaz. Honi deigarrien iruditu zitzaion gauza, Monsieur Gabas izeneko ekilibrista zen.
Garai hartan, bere izeba Magdalena bere babesa izan zen denetarako, une txarretan lagundu zion gehiena. Zoritxarrez, berak 29 urte zituenean babes hura galdu zuen, izeba hil baitzitzaion.
Izeba hil eta hurrengo egunean, Teresak bere egunkaria idatziz seigarren koadernoa amaitu zuen. Horren ondoren, egunkaria idazteari utzi zion berrogei egunez. Egun horiek igarotakoan, Teresak koaderno berria erosi zuen, egunkaria idazten jarraitzeko asmoz. Berrikuntza bakarra Teresak atal berri bat idatziko zuela zen: Monsieur Gabas. Honen arrazoia egun batean, lanera zihoanean, portuan zegoen eskulan azoka bat ikustera joan zela zen. Kaiaren amaieran, saltoki bat deigarri iruditu zitzaion, bertan zurezko jostailuak saltzen zirela iruditu zitzaiolako eta hara abiatu zen, begirada bat izateko asmoz. Bertan aukeratu ezean momentu luze batez begira geratu zela eta, André izena zuen saltzaileak nahiko balu hurrengo egunean etortzea gomendatu zion, Teresa presaka ikusi zuenean. Teresa abiatzekotan zenean, Andrék panpina bat kutxa batetik atera zuen, zein kasualitatez ekilibrista bat zen, Monsieur Gabas bezala. Andrék zer izen jarriko lioke galdetu eta Teresa zalantzarik gabe Monsieur Gabas izena jarriko liokeela erantzun zuen.
Hurrengo egunean Teresa kaian agertu zen ere, eta Andrék hura ikusi bezain pronto saltokia itxi eta paseatzera gonbidatu zion. Teresa, herrena izanez gero, baietz esan zuen. Paseatzen zeudela, Andrék bere senargaia izan nahiko zuela esan zion. Halaber, Teresak zergatia eskatu zion. Andrék, horretarako, bi irizpide izan zituen: begiak urre kolorekoak zituelako, ahuntzenak bezalakoak eta bere hiriko (Bordeleko) pentsalari baten, Montaignen, esaldi esanguratsu batek zioelako: herren batekin etzan ez denak ez daki zer den etzatea. Teresak berehala ulertu zuen esaldia, eta Andréren proposamena onartu zuen.
Bikotean gauzak okertuko ziren André Bordelera joan zenean jostailugintzari buruzko ikasgai bat ematera, noiz Teresa ahaztuta zeukan egunkaria idazten jarraitu zuen, harekin haserretuta. Andrék Teresari hondartzan bainu bat hartzea gomendatu zion, buruan zeuzkan mamuak uxa zitzan, eta honek kasu egin zion. Dena den, egun hori ez zen aproposena bainu bat hartzeko haizea indar handiz jotzen baitzuen, horregatik, hotelerantz abiatu zen. Bertan, bere egunkaria idazten jarraitzeko asmoz, orrialde berri batean idazten hasi zen norbaitek atea jo zuen arte. Pertsona hori Signora di Castri zen, Teresa, poverina mia-ren deiadarra eskaini zion pertsona bera, oraingoan pentsaera aldatu eta Ma che bella hitzak eskaini zizkion. Honen ondoren, lehen eredutzat hartzen zuen Teresa, poverina mia iruzkina aldatu eta Ma che bella iruzkin positiboarekin identifikatuta sentituko zen Teresa.
Ipuin honen gaia Teresa izena duen pertsonai batean oinarritzen da. Pertsonai hau nahiko berezia da, ez dut hau esaten herrena delako, Signora di Castri-k Teresari buruz egiten dituen iritzi negatibo zein positiboek bere pentsaeran eragin gehiago dutelako berak bere buruarekiko duen iritzia baino, hau da, jaramon gehiago egiten die pertsonen iritzi negatibo zein positiboei berak bere buruarekiko dituen pentsatzen duenari baino, eta faktore horrek narrazioan zehar hainbat egoera txar suposatzen dizkio.
Lan honetan aurkezten diren pertsonaiak errealak dira, ez baitago faktore fisiko zein psikologikorik narrazio osoan zehar hura kontraesan litzaketenak.
Irakurketa, nahiko lineala dela iruditu zait, nahiz eta momentu batzuetan denbora aurrerantz eta atzerantz bota izana irakurketa arazorik gabe jarraitzeko gai izan naiz.
Hiztegiaz hitz egitean, ulergarria iruditu zait nire ikuspuntutik. Ikuspuntu orokor batetik, nire ustez Atxagak irakurle askok ipuina ulertzeko moduko hiztegi aproposa erabiltzen du ere. Gainera, nire ustez Atxagaren hizkera kontakizunari jarraikitasun bat ematen dio eta hori dela eta bereziki gustukoa izan dut honek erabilitako hiztegia.
Kontakizun honi buruzko iritzi pertsonala ematean, gustukoa izan dut narrazio hau. Teresaren bizitzan pertsonen iritziek eragina izanak, identifikatua sentiarazi nau, nire bizitzaren etapa batean Teresak narrazio honetan jokatzen duen era antzekoan jokatu izan nuelako. Hau esanda, bistakoa da idazlearekin bat natorrela alderdi guztietan.

Mintzalditxoa (Gerratea)

jonipo — 2008-11-19 GTM 1 @ 20:30

Mintzalditxoarekin hasteko, Vegecio IV.mendeko idazlearen esaldi esanguratsu batek dio: bakea nahi baduzu, gerrarako prestatu zaitez. Nik idazle honekin bat nator, gerrateen helburu nagusiena bakea baita. Beste alde batetik, aldiz, ez nator bat, bakea lortzeko ez baita beti gerratea sortu behar.
Gerrateaz hitz egiten hasteko, hiztegiaren arabera gerra hitza herri, giza talde edo estatu bi edo gehiagoren arteko arma bidezko borroka esan nahi du.
Gerrateak, halaber, ez dira beti mota berekoak. Kontzeptu honen barruan, hainbat aldaera aurki ditzakegu, hots, gerrate zibila, airetiko gerratea, gerrate konbentzionala, gerrate hotza, gerrate mundiala, gerrate nuklearra, itsas gerratea, gerrate elektronikoa, informazio gerratea, lur gerratea, gerrate santua, gerrate kimikoa eta trintxera gerratea hauen adibide batzuk dira.
Gerrateei buruzko beste kontzeptu baten aipamena egitean, gerrate baten kausak daude. Hauen artean hiru ezberdin bereizten dira: kausa psikologikoak, gatazken oharpenean oinarriturikoak, kausa tradizionalak, ekonomian, lurraldeen konkistan edota etnian oinarritzen direnak eta kausa modernoak, gabezia demokratikoan, militarismoan eta garapen urriko herrien pobretzean oinarritzen direnak.
Historian zehar gerrateen amaiera suposatu duen akordioa ituna da, nahiz eta gerrateen amaiera suposatzea ez izan itunak bete dezakeen betebehar bakarra. Itun bat sinatzeko lau fase egiten dira: negoziazioa, testuaren adopzioa, kautotzea eta onespen prestazioa.
Negoziazioan, akordioa bermatzeko baldintza azpimarragarriena dena, estatu negoziatzaileak testua prestatzeaz arduratzen dira. Fase hau luzeena da, alderdien nahiak ase ditzakeen testu bat aurkitzeak urte batzuk suposa ditzakeelako.
Negoziazio fasearen ondoren, testuaren adopzioa dator. Bertan parte hartzaile guztiak testuarekin ados jartzeko helburua dute. Lehenaldian, estatu negoziatzaile guztien aldeko botoa behar zen. Gaur egun, sistema hau aldebiko itunetan erabiltzen jarraitzen da. Alde askotako itunetan, ostera, gehiengoan oinarrituriko sistema erabiltzen da 1969.urteko Vienako Konbentzioaren 9.artikuluan aitortu zenetik.
Hurrengo fasea kautotzea da. Akordio hau itunaren erabateko eta benetako edukia finkatzeaz arduratzen da.
Azkenik, onespen prestazioaren fasea dator. Fase honetan estatu parte hartzaileak itunaren parte izan nahi duten ala ez erabakitzen dute. Onartzen ez duenak ez da hura egitera derrigortzen. Praktikan, onespen prestazioa egiteko bi era ezberdin bereizten dira: era errazean eta zinezko eran.
Mintzalditxo honekin amaitzeko, munduan zehar errekorrak hautsi dituzten gerrate batzuei buruz hitz egingo dut. Adibidez, gerraterik luzeena Araukoko gerratea izan zen, 300 urteko iraupenarekin. Gerraterik motzena, aldiz, Britainia Handia eta Zanzibarren artekoa izan zen, estatistiken arabera 38 minutu baino ez iraun zuena. Gerraterik odoltsuena, zalantzarik gabe, Bigarren Mundu Gerra izan zen, 61.820.315 hildako egonik. Era berean, Bigarren Mundu Gerra munduko gerraterik garestiena izatearen errekorra dauka, 5 bilioi dolar inguru gastatu baitziren bertan.