Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Artxiboa: Otsaila 2009

Madin Mohammed, Zidane berri bat baino gehiago

jonipo 19/02/2009 @ 16:18

Honako hau Madin Mohammed umearen bideoa da, zein Argelian jaio zen eta 3 urterekin Frantziara lekualdatu zen. Orain 6 urte dauzka eta Frantziako Roubaix klubeko jokalaria da. Hala ere, Real Madril eta Chelsea bezalako klubak ume honi jarraika dabiltzate. Frantzian Zinedine Zidanen ondorengotzat hartzen dute umea.

Iritzi artikulua: 72. hilobiko botila barnean zegoen mezua

jonipo 15/02/2009 @ 19:53

Atzeratuko al dira mende honetan lortzea espero genituen helburuak hurrengo mendera arte lehenaldiko kontu batengatik? Aipamen hau gehiegizkoa badirudi ere, iaz bide honetatik genbiltzanaren adibide argi bat egon zen. Zehazki Baltasar Garzon epaileak Gerra Zibilean eta gerraostean fusilatuak eta nonbaiten lurperatuak izan ziren gorpuen desehorzketa zeukan helburu nagusitzat. Gainera, honek pentsaturiko desehorzketa plan batzuk abian jarri ziren, esaterako Valentziako hilerri nagusian edo Extremadurako Villanueva de la Vera herrian zeuden hobien desehorzketenak. Hala ere, ikerketak hilabete bat eta hamabi egun baino ez zuen iraun, 2008ko azaroak 28an, osoko bilkura batean gehiengoak Gerra Zibilean eta gerraostean egon ziren hilketei eta desagerpenei buruzko kausa berriz ere ez irekitzea erabaki zuen arte.
Alde batetik, ez nago ados osoko bilkuran hartu zen erabakiarekin, pertsona ugarik bere familiartekoen gorpuak Garzonek hobien desehorzketa egitea erabaki baino lehen eskatzen zituztelako eta ez zietelako jaramonik egin, haien artean telebistan ikusi nuen kasua, non Federico Garcia Lorcaren ondorengoek poetaren gorpua eskatzen zuten.
Bestetik, aldiz, ados nago, badaudelako estatuan gorpuzkiak bilatzeaz eta ikertzeaz arduratzen diren elkarte ugari, testu honetan azpimarratzen diren Aranzadi edo Txinparta bezalako elkarteak, honelako hobien indusketak egiteaz arduratzen dira. Honez gain, testuaren hasieran egindako aipamenean azaldu dudan bezala, etorkizunera begiratu behar dugu, ez, ostera, lehenaldiko kontuak arakatu, behintzat gobernuaren edo epaileen betekizunei dagokienez, zeintzuk ez dute etorkizunera begiratzea ahalbidetuko norberak bere betekizuna betetzen ez baldin badu.
Beste kontzeptu baten aipamena egitean, hobien barruan lurperaturiko gorpu edo gorpuzkiak identifikatzeko teknikak daude. Testu honetan, gorpu guztiei zenbaki bat egokitu zietela eta Jose Maria Jimeno historialariak Ezkabako hilerriaren krokis bat zuela aipatzen da, non ikuspuntu espiritualetik bi ehorzketa leku bereizten dira: katolikoa eta zibila (ehorzketa katolikoari uko egiten ziotenentzako), gorpu edo gorpuzkien bilaketa erraz zezaketen faktoreak. Ziurrenik, Baltasar Garzon epaileak 2008ko urriak 16an irekitako kausan, ez lituzke Espainia osoan zehar zeuden hobi guztietako krokisak izango, ikerketa egiteko beharra suertatuz, eta lehen aipatu dudan bezala, orainaldiko eta etorkizuneko helburuak bertan behera utziz lehenaldian arakatzeagatik.
Hala ere, Jose Maria Jimenoren krokisa eta guzti, ez dute hobietan lurperatuta dauden pertsonak zein diren zehazten duen agiririk. Testua irakurri ahala, La Sexta telebista katean ikusi nuen National Geographiceko dokumental bat etorri zait gogora, non arkeologo batzuk Asia erdialdean kokatuta dagoen Tarimgo mesetan 5000 urte inguruko gorpu batzuk aurkitu zituzten. Adin hori edukitzeko, gorpuak oso egoera onean zeuden, zibilizazio horietako batzuk norbait hiltzen zenean momifikazioaren antzeko ekintza bat egiten baitzuten. Horren ondoren, zirujau batzuk arkeologoek aurkitutako bi gorpuen ADNa aztertzen saiatu ziren. Nahiko zaila egin zitzaien ADNrako lagin onak aurkitzea, gorpuen barrualdeak lehortuta baitzeuden. Dena den, azkenik, erabat lehor ez zeuden laginak aurkitu zituzten. Laginak aztertzean, Asiako leku ezberdinetan jatorria zutela konturatu ziren, horregatik, Tarimgo meseta zibilizazio ezberdinak elkartzen ziren gunea zela ondorioztatu zuten, bertan merkataritzan aritzen zirelako eta, era berean, Tarimgo meseta bide-sare garrantzitsuenetariko bat zelako. Testu honek azaltzen digun kasu honetan, gauza bera egin zezaketen, hau da, hezurren zati bat hartuta ADNa aztertzea, gorpua zeinena den jakiteko.

Kritika literarioa: Lekuak

jonipo 08/02/2009 @ 18:55

Irakurritako orrialdeak bilduta dauden liburuaren izenburua Lekuak da, zeinen idazlea Bernardo Atxaga da. Bernardo Atxaga Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da. 1951ko uztailaren 27an jaio zen Asteasun. Bilboko Unibertsitatean Zientzia Ekonomikoetan lizentziatu eta hainbat lanbidetan aritu zen, laurogeiko hamarkadaren hasieran literaturari ekin zion arte. 1972ean bere euskarazko lehen poemak argitaratu zituen antologia batean. 1976ean, bere lehenengo eleberria argitaratu zuen, Ziutatzeaz izenburua duena.
Hala ere, Atxaga beste lan azpimarragarri batzuen idazlea da ere, hala nola; 1988an idatzitako eta 1989an Espainiako sari nazionala erdietsitako Obabakoak, Soinujolearen semea (2003), Etiopia (1978), Bi anai (1985), Gizona bere bakardadean (1993) eta Behi euskaldun baten memoriak (1991).
Lan honen testuinguruari dagokionez, ezin liteke momentu jakin bat aipatu, lan honetan historian zeharreko datuak ematen baitira, XVIII.mendearen amaiera eta XXI.mendearen hasiera bitartekoak direnak.
Irakurritakoaren argumentuarekin hasteko, XIX.mendea baino lehenago, Euskal Herriak ez zeukan lekurik ez inongo balio mapatan, ezta munduan ere, bere hizkuntza etxean edo elizan erabili ahal zelako, ez, ordea, bizitza publikoan. Nahiz eta garai hauetan euskaldun batzuek egoera hura aldatzeko ahaleginak egin zituzten, ez zegoen irtenbiderik. Gainera, lan bila Ameriketara emigratu zuten euskaldunek, hango gizartean ahalik eta azkarren sartzeko helburua zutela ez zioten baliorik sumatu beren hizkuntzari, eta hara ailegatu bezain laster bazterturik uzten zituzten beraien hizkuntza eta kultura. Oraindik XVIII.mendean, herri bakoitzaren garrantzia bere hizkuntzaren sintaxi eta fonetikan islatzen zen. Hala ere, XIX.mendearen hasieran, erromantizismo izeneko mugimendu politiko zein kulturala sortu zen Alemanian, Europaren bazterrean sentitzen zelako, historian zehar ezer handirik egin izan ez balu bezala. Mugimendu honen sorrerarekin, Euskal Herriak leku bat izan zuen mapa mundian, balio bat hartu zuen, erromantikoek, nazioak edo herriak baloratzerakoan hizkuntza hartu baitzuten ardatz. Mundua ulertzeko modu berri hura zela eta, lehen balio mapetan lekurik ez zuten herrialdeek segituan heldu zioten erromantizismoari. Euskararen kasuan, mugimendu honi heltzeko bi eragile nagusi egon ziren: alde batetik, euskararen sentsibilitatea bat zetorren erromantizismoarekin; bestetik, euskarak lehengo mendeetan jasan zuen umiliazioa erabakigarria izan zen mugimendua aldarrikatzeko.
Erromantizismoa sortu zuten Alemaniarrak historian ezer handirik egin ez izanaren ondorioz sentitu zuten sentimendu hura izugarri gaiztotu zen, horregatik, adar makurtuak bezala erreakzionatu zuten, iraganeko garaipen egiazko eta alegiazkotara joz. Euskaldunek, era berean, adar makurtuak bezala erreakzionatu zuten. Hala ere, apologistek zein erromantiko euskaldunek, euskararen antzinatasunaz baliatu ziren euskara hizkuntza baldarra eta kulturagabea zela ziotenei erantzuteko.
Herri espirituari dagokionez, Euskal Herrian eta Alemanian oso bestelakoa izan zen. Alemaniaren kasuan, Volkgeist zuen izena eta ez zuen herri xehea deritzogun gizartearekin erabateko lotura izan. Euskal Herrian, ostera, gehienbat herri espiritua nekazarien kulturarekin lotuta zegoen. Hortaz, badirudi ez garela handik mugitu, oraindik kanpokoek guregana hurbiltzean eredu hori erabiltzen baitute. Honen ondorioz, hainbat xenofobok mespretxuz ikusten dute euskara. Hauen ustez, euskaldunak, nekazari hutsak direnez, atzerakoiak edo kulturagabeak dira. Era berean, erromantikoek zabalduriko Volkgeistarekin Euskal Herria betiko zehaztuta gelditu zela uste dute. Hauekin batera, xenofobo askok euskara eta Euskal Herria mespretxatzeko helburuarekin liskarrak sortu zituzten kritika ugari egin zituzten.
Kanpokoek aurrerantzean euskaldunak nekazariekin aldera ez ditzaten, Euskal Hiria izeneko leku modernoa proposatzen du Atxagak. Hala ere, modernitate hori lortzeko lehenik eredu erromantikoari uko egin behar zaio, lehen mailako balio kulturalak bereganatzeko. Nahiz eta erromantizismoa XIX.mendetik gaur egunera arte euskaran eta Euskal Herrian eragina izan, Bernardo Atxagak azpimarratzen duen Euskal Hirira aldatzea komenigarria izango lirateke, modernitate aurrerapauso handia emanez.
Irakurritakoaren gaiari dagokionez, Atxagak lan honetan Euskal Herriak XVIII.mendetik gaur egun arte hizkuntza-ikuspuntua oinarritzat hartuz bizi izan duen egoera azaltzen du.
Lan honen helburua hizkuntza-ikuspuntua kontuan hartuz Euskal Herriaren bilakaera historikoa azaltzea denez gero, hau da, Atxagak gai objektibo bat azaltzeko helburua duenez gero, bertan agerturiko pertsonaiak errealak izango dira, bestela ez lirateke irakurgaian zehar objektibotasuna mantenduko.
Testu honetako irakurketa ez zait guztiz lineala iruditu, testuak berak azaltzen duen zailtasunaz gain, Atxagak ez du linealtasuna mantendu, baizik eta zerbait azaltzeko helburua zuenean denboran zehar atzerantz egiten du, irakurketa are korapilatsuagoa egiten zuen faktorea.
Hiztegiari dagokionez, nire ustez Bernardo Atxagak gai hau plazaratzeko hiztegi egokia erabiltzen du. Nire kasuan, hiztegia testuaren irakurketan zailtasunik suposatu ez duen ezaugarrietako bat izan da.
Nire iritzi pertsonala ematean, gustukoa izan dudala azpimarratu beharra dut, irakurgai honek azaltzen duen gaia interesgarria iruditu baitzait. Hori dela eta, idazlearekin guztiz bat natorrela esan behar dut.

Iritzi artikulua: Nor da heroia orain?

jonipo 06/02/2009 @ 20:02

Garai honetan, zure bizitza-kalitatea hobetzea, hil edo biziko kontua zen; bizitza-kalitatea hobetu nahi izango bazenu, bizitza arriskuan jartzea baino ez litzateke irtenbidea izango, zortea izan ez zuten kasuetan bizirik gabe amaitu arren, Alan Furstek idatziriko “The Foreign Correspondant” liburuan pertsona batzuk Mussoliniren diktaduratik ihes egin zuten bezalaxe, hala nola; testuan agertzen den 1938ko neguaren amaieran intelektual italiarrek zortea izan zuten kasua, Parisera ihes egitean.
Nire familiaren inguruan bizi izan zen antzeko egoera bat, nahiz eta Mussolini edota Hitlerren diktaduren ondorengoa izan, Espainian, Francoren diktaduran, nire berraitonak bere laguna zen eta Francoren polizia bilatzen ari zen ezkerreko politikari bat bere etxean ezkutatzeko erabakia hartu zuen, bere bizitza ere arriskuan jarriz. Dena den, zortea izan zuten, eta poliziak berraitonaren etxean pertsona hori ikusi zuen galdetu ziotenean, berraitonak ezetz esan eta poliziek sinetsi egin zioten. Horren ondoren, berraitonak lagunari bere etxean hura ezkutatzeak bere familiarekiko suposatu zuen arriskua ikusirik, lagunari aurrerantzean beste leku batean ezkutatu beharko zuela esan zion, berraitonak ezin zuelako bere bizitza arriskuan jartzen jarraitu, noizbait hura harrapatuko zutela eta biak egoera berean amaituko zutela pentsatzean.
Gai hau erlijioko ikasgaian ikusten ari garenarekin lotuz, Mussolini eta Hitlerren diktaduren garai honetan, pertsona batzuk gor eta mutu gelditu ez zirenaren ondorioz, beste herrialde batera ihes egitea lortu zuten, askatasuna eta bizitza-kalitate hobeagoa lortuz. Beste batzuk, era berean, ez ziren gor eta mutu gelditu, baina ezin izan zuten beste herrialde batera ihes egin, eta exekutatuak edota kartzelatuak amaitu zuten. Dena den, gor eta mutu gelditu ez ziren pertsonak, ihes egiteko %50-eko aukera zuten, gor eta mutu gelditu zirenak, ordea, denak exekutatuak edota kasu batzuetan kartzelatuak amaitu zuten, ihes egiteko aukera are urriagoa izanik. Hala ere, azkeneko hauek ihes eta aske izateko aukerak zituzten ere, “La Lista de Schindler” filmean ikusi genuen bezala, non Schindlerrek holokaustotik hainbat judutar askatu zituen gerra amaitu zen arte.
Testuan aipatzen den beste gai bati buruz iritzia ematean, Furstek idazteko gatazka etiko-morala zein armatua behar duenean garai batean estatuko egoera txarrari zein gatazkei buruz idazten zuten idazle belaunaldi batzuk gogorarazten dizkit, hala nola; 98ko belaunaldiaren barne zeuden Pio Baroja, Miguel de Unamuno, Ramon Maria del Valle Inclan eta Antonio Machado, besteak beste. Idazle hauek, Espainiak garai horretan bizitzen ari zen gainbehera, Estatu Batuen aurka izan zuen gerrak Espainiak Amerikan zituen azken koloniak galtzea suposatu zuen, eta atzerapenari, Miguel Primo de Riveraren diktadurak gauzaturiko atzerapena, buruzko literatura lantzen zuten. Gaur egun, ordea, demokraziak munduko gehiengo zatian hartu duen indarra dela eta, oso arraroa litzateke gaur egun garai hartan zeuden gatazka politiko horiek bezalakoak gertatzea. Hala ere, nire ustez Alan Furstek gatazka etiko-moralei buruz idazteko aukeraren bat izango du, orain direla urte batzuk Estatu Batuen eta Afganistan edota Iraken artean gertatu zena bezalakoa.
Testuak prentsa klandestinoaren gaia azaltzen duenean, nire ustez prentsa mota honen salmenta diktadurak amaitu ziren bezain pronto amaitu behar izango zukeen, diktadoreek haien pentsaera edota ideologia hedatzeko erabiltzen baitzuten, eta gaur egun diktadura baino hobeto funtzionatzen duen sistema demokratikoa dugula, ez litzateke komenigarria izango pentsaera diktatorialak zabaltzea.