Mintzalditxoa: Martetarrak
Zein ez da inoiz galdetu norbere golkorako martetarrei buruz? Nik, behintzat, ume bat nintzela ET filma ikusterakoan, etengabe galdetzen nion neure buruari izaki hauen existentziari buruz, eta, egia esan, ez dauzkagu hain urrun, guk geuk baikara.
Orain dela gutxi, National Geographic telebista katean NASA zein Mars Society erakunde astronomikoek etorkizunean Marten egitea pentsatzen ari diren proiektuei buruzko dokumental bat ikusi nuen. Proiektuen artean, planetaren terraformazioa dago. Hitz honek edozein zeru-gorputz edo planeta atmosfera, tenperatura eta ekologia kontuan hartuz bizi egoera egokiak lortu arte berregin dezakeen prozesua esan nahi du. Terraformazio terminoa Jack Williamson-ek 1949an idatziriko zientzia fikziozko eleberrian agertu zen lehen aldiz, zeinen izenburua Seetee Shock da. Hala ere, gaur egungo kontzeptua Williamson-ek bere eleberrian suposatu zuen hura baino sinesgaitzagoa da.
Dokumentalean ikusi nuena azaltzen jarraitzeko, lehen aipatu dudan Mars Society erakundeak pentsatu duen beste proiektu bat azaldu zen bertan. Proiektu honek Translife du izena, zeinen helburu nagusia Marten dagoen grabitate bera (0,38g) daukan espaziontzi miniatura berri bat etorkizunean misio espazialak egiteko balio duen ala ez ikertzea da. Era berean, espaziontziaren barruan bi hilabetez egongo diren arratoiak zein beste animali eta landareak ugaldu ondoren aztertuko dituzte, Marten hura terraformatu ondoren bertan bizi daitezkeen gizakiek izan ditzaketen ugaltzeko oztopo zein oztopo fisiologikoak aurreikusteko.
Marteren terraformazioari dagokionez, hau gauzatzeak bi aldaketa suposatuko lituzke: atmosfera eraiki eta berotzea.
Atmosfera berotzea, nahiz eta lan handia ez izan, mende erdia suposatuko luke, Mars Society elkarteak aurreikusten duen epea. Prozesu honetan, Lurran etengabe erabiltzen ditugun Ozono Geruzarako kaltegarriak diren CFC eta PFC deritzen berotegi efektua areagotzen dituzten gasak erabili beharko dituzte, flurokarbonoa produzitzeko. Harrigarria badirudi ere, gas hauen erabilpena ona izango litzateke Marteren terraformaziorako, gure planetan hauen produkzioa kaltegarria den bitartean. Honez gain, badaude planeta berotzeko era batzuk, hala nola; Marteren lurrazalaren bonbardaketa nuklearra edota Marteren orbitaren inguruan aluminiozko ispiluak jartzea, planetaren berotegi efektua areagotzeko.
Atmosfera eraikitzeko, ezinbestekoa litzateke gas inerte bat edukitzea, Lurran hidrogenoa (%79) dugun bezala. Marten hidrogenoa inportatzean, karbono dioxidoarekin erreakzionatu eta ura eta metanoa produzituko litzateke, Sabatierren erreakzioaren bidez. Ondoren, metanoa atmosferara igaroko litzateke, non berotegi efektua osatuko litzateke. Hala ere, kontua ez da soilik hidrogenoa inportatu eta erreakzionaraztea, baizik eta gasen nahasketa egokia lortu behar da planetan pertsonak bizi ahal izateko, zein landare-espezie edota beste organismoen bidez gauzatu daiteke.
Bi aldaketa hauez gain, Mars Society elkartekoek honi dagokionez hainbat data aurreikusten dituzte, esaterako; mendearen bigarren erdian pertsonak zelaietan haziak landatzen arituko dira eta beharbada animaliak zein gizakiak planetan bizi ahal izango dira. Haien ustez, planetaren industrializazioa eta jendeztatzea mende osoaren buruan egongo da.
Mintzalditxoaren ondoren, badakigu prozesu honen guztiaren ondoren zeintzuk izango diren lehen martetarrak: Lurtarrak.


Zabaldu
del.icio.us
Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi